XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hil nahi eta ezin

Anjel Lertxundik Judu Herratuaren mitoa izan du oinarri Ifrentzuak saileko bere nobela berrian

FELIX IBARGUTXI/DV. DONOSTIA

Atzo aurkeztu zuen Anjel Lertxundik bere nobela berria.

Azkenaz beste deritzan lan honetan ezin hilez bizirik irautera kondenaturik dauden aita-alaba batzuen istorioa hontatzen du, XIX. mendean kokatua.

Hauxe da Alberdania argitaletxeak Lertxundirentzako sortutako Ifrentzuak saileko bigarren liburua.

Aurrekoa Piztiaren izena izan zen, iaz publikatua.

Aita-alaba batzuk dabiltza kalesa batean Ipar Ameriketako lautadetan zehar.

Kondenaturik daude.

Nahi lukete hil, eta ezin.

Honela hasten da Anjel Lertxundik atzo Donostiako Udal Liburutegian aurkeztu zuen nobela berria.

Alberdania etxeko Ifrentzuak sailean da argitara.

Euskal Herriko ahozko tradizioa eta Europako tradizio idatzia elkarrizketan jartzea du helburu iaz sortutako kolekzio honek, eta oraingoan ere bide horretatik jo du Lertxundik.

Azken batean, Judu Herratuaren mitoa edota gure Mateo Txisturena, du oinarrian nobela honek.

Horrelako idazlana egiteko ideia bestela etorri zitzaion Lertxundiri, dena den.

Italo Calvinoren Antologia di racconti fantasticitik, hain zuzen ere. William Austin-en Peter Rugg, the Missing Man ipuineko istorioa azaltzen du Calvinok halako batean: Kondena misteriotsu batek aita eta alaba kalesa batean ibiltzera behartu ditu, hurakana atzetik eta atseden hartzea debekatua dutelarik, kontinenteko geografia izugarrian zehar.

Saiatu zen Lertxundi liburu haren bila, baina ezin aurkitu; honelaxe, azkenean oso bere kasa tajutu zuen istorio berria, ideia nagusi horretan oinak jarrita.

Lertxundik atzokoan esan zuenez alaba interesatzen zitzaion batez ere, baina idazlan hau ezin da pertsonai-nobelatzat hartu.

Austinen ipuinean bezala, Azkenaz beste honetan ere kalesa baten hasten dira bidaiatzen aita-alabak Ipar Ameriketan zehar, baina gero, belaontzia hartu eta Baiona eta Zarautza datoz.

XIX. mendeko road movie

Road movie-tik ere asko dauka nobela honek, nahiz eta XIX. mendean kokatua izan, baina road movie izate hori aitzakia da azken batean, komentatu zuen autoreak.

Tituluari dagokionez, hauxe adierazi zuen Lertxundik: Hainbat titulurekin jokatu ondoren, azkenik aukera existentziala nagusitu da.

Azkenaz beste horrek badu anbiguetaterik; alde batetik modismoa da, azkenaren buruan edo después de todo esan nahi duena.

Baina era berean, buruaz beste egitea kontzeptuaren paralelismoa dauka, eta hori ondo zetorkidan.

Titulu anbiguoa da, baina errealitatea bera, edota bizitza bera ere halaxe da, anbiguoa.

Nobelako pasarte asko fikziozkoak dira, baina beste batzuk egiazkoak, autoreak historiatik errekuperatu dituenak.

Tradizioaren beharra

Tradizioaz luze jardun zen Lertxundi. Kontzeptu hau oinarrizkoa baita Ifrentzuak sailean.

Hain gastatuta eta hain jipoitua dago hitz hori hasi zen idazlea.

Ez dago ordea modernotasunik tradiziorik gabe.

Ez dago modernotasunik eraikitzerik tradizioan oinak jarri gabe.

Eta oso arriskutsua da tradiziotik urrutiratzea.

Azkenean ez dago ezer berririk, eta gai batzuen inguruko bariazioak dira dauzkagun elementuak.

Lertxundik azaldu zuenez, oso arriskutsua da uste izatea Euskal Herriko tradizioak ez duela zerikusirik Europako besteekin:

Ez gara islak.

Ez dezagun ahaztu Judu Herratuaren mitoa hor dagoen bezala, guk ere baditugula mito horren beste pertsonifikazio batzuk: Mateo Txistu eta Zuberoako Salomon.

Azken batean, gure tradizioa tradizio europarra da.

Asteasuko Agirre euskara batuan

Lertxundiz gain, Agirre Asteasuakoa ere protagonista izan zen atzo Donostiako Udal Liburutegian.

Hemezortzigarren mendeko apaiz honen testu batzuk eman baitira argitara Arpoi baten eran deritzan liburuan.

Klasikoak Alberdanian saileko bigarren emaitza da hau.

Lehenengo liburuak Iztuetaren zenbait lan zekartzan.

Inazio Mujika Iraola izan da Agirreren testuen hautatzaile eta prestatzailea.

Lana ez da izan, soilik, testuak euskara batuan jartzea.

Bestelako ikutu batzuk ere egin dizkie, ipuin-tankera eman nahian.

Errespetoaren mugan ibili naiz, aitortu zuen atzo Mujika Iraolak.

Agirre 1742an jaio zen.

Hil ondoren publikatu zitzaizkion lanik gehienak.

Bere sermoietako pasarteak dira orain liburu honetan irakur daitezkeenak.

Horko pasarte batzuk antzinateko Grezia eta Erromakoak dira, beste batzuk Bibliakoak, eta bakar batzuk Agirrek berak bizitutakoak edo entzundakoak, konfesioetan eta.